Udalak lurpeko aparkalekua egiteko proiektua aurkeztu du, baina bizilagunak kontra daudela adierazi dute.
Ezin ukatu batzuek etabesteek oso jarrera desberdinak dituztenik. Udalak Azken Portuko Gurmendi kalean lurpeko aparkalekua egiteko proiektua aurkeztu zuen orain dela hilabete batzuk. Hasiera batean dena ondo zihoala zirudien, baina azken asteetan gauzak korapilatu egin dira, Gurmendi kaleko bizilagun ugarik esan baitu ez dagoela konforme proiektuarekin. Lehenbizi, otsaila bukaerako udalbatzarrean hitza hartu zuen zenbait bizilagunek. Salaketa hori nahiko isilpean pasako zen errezeloarekin, aparkalekuaren aurkako aldarrikapena kalera ateratzea erabaki zuten balkoi eta lehioetan kartelak jarrita. Aparkalekuaren P ikurra ezabatuta ageri da kartel horietan, Udalaren proiektuari ezezko borobila adierazi nahian.Udalak bere aldetik, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du, aparkalekuak egiterakoan inguruko etxebizitzak ez direla kaltetuko esanez, eta hala gertatuko balitz, kalteak ordaindu egingo direla gaineratu
BERTSOZALEEK ZITA DUTE BIHAR HITZAren V. URTEURRENEAN
Eskualdeko sei bertsolarik hartuko dute parte UROLA KOSTAKO HITZAk antolatutako bertso-jaialdia
Hitzak 5 urte bete zituen joan den otsailaren 20an eskualdeko berriak egunero-egunero euskara hutsean etxez etxe banatzen, eta modu berezian ospatu nahi izan ditu bere ibilbideko lehen urte hauek. Joan den hileko urteurren ekitaldiaren ondoren, larunbatean bertso-giroan helduko diete ospakizuenei, saioa izango baita Izarraitz pilotalekuan.
Euskaltzaleentzako jaialdia
Elkarren eskutik doaz euskara eta bertsoa eta horien eskutik joango da, bihar ere, HITZA. Gaueko 22:00etan hasita, Izarraitz Pilotalekuan ariko dira eskualdeko sei bertsolari. Andoni Egaña zarauztarra, Sebastian Lizaso azpeitiarra, Jon Maia zumaiarra, Uxue Alberdi Getarian bizi den elgoibartarra, Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe errezildarra eta Jokin Uranga azpeitiarra. Gai-jartzaile Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide Xabier Azpillaga ariko da.
Irakurleen apustuari esker
Joan den ostailaren 19an, V. urteurrenaren bezperan, festa egin zuten Zumaiako Oxford aretoan urteurren hori ospatzeko. Bertan izan ziren, harpideak, eskualdeko euskara, kultura eta gizarte arloko eragileak eta ordezkari politikoak.
Egun hartan HITZAko zuzendari Amaia Mendizabalek esan zuen moduan, egunkari honek bost urte bete baditu eta 23.000 irakurle izatera iritsi bada, «irakurleek eguneroko kontuak euskaraz irakurtzeko apustua egin dutelako izan da, iragarkiak euskaraz jartzeko apustua egin dutelako eta euskalgintza eta euskal kulturarekin lotutako produktuak babesteko apustua egin dutelako» . Horregatik, bihar ere, horiekin guztiekin ospatu nahi du HITZAk bosgarren urteurrena.
Beraz, bertsozaleek eta HITZAzaleek zita dute bihar Izarraitzen.
Sarrerak honako tokietan erosi ahal izango dira 10 euroren truke:
Azkoitian. Zurt tabernan eta Lujan dendan.
Azpeitian. Etxe-Zuri, Orkatz eta Jim Clark tabernetan.
Errezilen. Borondegin.
Getarian. Mahasti tabernan.
Zestoan. Koiote tabernan.
Zumaian. Metro tabernan eta Aizpurua liburudendan.
HITZAren egoitzetan. Zarautzen Zelai Ondo 23an eta Azpeitian Perez Arregi 1en.
Leihatilan. Egunean bertan leihatilan egongo dira salgai.
ELKARRIZKETA-JON MAIA, BERTSOLARIA
«Kartelak zale ezberdinen gustua aseko duela uste dut»
Eskualdeko bertsolariek osatutako seikotea «anitza» dela uste du eta saio polita ateratzea espero du Jon Maia (Zumaia, 1972) bertsolaria HITZAren V. urteurreneko bertso saioa antolatzen aritu da. Berak ere parte hartuko du saio horretan, eta taulagainean ariko da, bost lagunekin batera, Azpeitiko Izarraitz frontoian.
Osatutako bertsolari taldearekin gustura gelditu al zara?
Bai, uste dut kartel erakargarria egin dugula eta hortik saio eder bat aterako dela pentsatzen dut.
Bertsolari guztiak eskualdekoak izango zarete. Badago eskualdean ere non aukeraturik, ezta?
Bai, zentzu horretan, gure eskualdean zaletasuna badagoela badakigu eta bertsozale asko dagoen lekuan, normalean, bertsolari asko egon ohi da. Hemen aukera handia daukagu bai.
Bide luzea dutenak eta hasten ari direnak. Konbinazio aproposa izaten al da hori saioetarako?
Azkenean, bertso-saio batek edozeinentzako izan behar du. Kartel honek, nire ustez, zaleen artean dagoen gustu ezberdinak ase ditzake.
Zer emango du bakoitzak saioan?
Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta larunbatean han egongo garenok plazaz plaza gabiltza. Entzuleek ondo ezagutzen gaituzte honez gero eta badakite batzuek txispa jar dezaketela eta besteek sakontasuna. Egia da, azkenean, teoriak ez duela askorako balio, taula gainean unean etortzen zaizuna egiten baitugu. Baina, anitza da kartela alde horretatik ere.
Izenburu hau darama gaur Hitzan agertu den Mikel Elorzaren gutunak, irakurtzeko modukoa:
'Antro de violadores'
«Antro de rateros, ladrones, violadores y terroristas». Kontatu zidatenean XVII. mendeko apaizekin akordatu nintzen, akelarreaz mintzo. Bai zera, XXI. mendeko zinegotzia Zarauzko txosnen eremuaz hizketan.
Ezin nuen sinistu.
«Bortxatzaileen antro» deitzeko txosnen guneari, bietakoren bat: edo gaixo zaude; edo gaixo zaude. Nekez aurki dezaket beste esplikaziorik. Prentsan konfirmatu ditut Patxi Elolak azken udalbatzan esandakoak: «Bortxatzaile, ratero, lapur eta terroristen antro-a» omen festetan txosnen gunea.
Behin baino gehiagotan irakurri behar izan dut.
Terroristena espero dezaket. Txosnen eremuaz hizketan, gaitzesteko noski, eta PSE-EEko ordezkariaren ahotik, hori espero dezaket. Terroristena. Egoera politiko eta pertsonal berezia bizi du aspaldian ordezkari horrek, eta ezagunak dira bere diskurtso eta jarrerak. Uler dezaket bere egoera gogor horrek -atentatua jasan izana, bizkartzainekin bizi beharra, egoera pertsonal izugarri deseroso eta, neure iritzian, salagarrian- bere jarduera eta diskurtso politikoa kutsatzea. Uler dezaket, nahiz eta uste dudan biktimek politika egitea oso arriskutsua dela. Kasu hau adibide. Gehitu beharra daukat, hala ere, biktima izateak edozer egin eta esateko lizentzia ez duela ematen, ez lukeela eman behar, eta ordezkari honen kasuan sarriegi hala izan dela. Esan ditu eta egin ditu beste inori utziko ez litzaizkiokeenak.
Txosnen ingurukoa, azkena.
Terrorista, bale, prebisiblea da. Lapur, ratero? Zaila zait asimilatzen zergatik (drogazaleak esatea falta zen). Baina, «bortxatzaileen antro»? Bortxatzaileak? Nondik atera da hori? Zer dela eta? Zer malguki dago buru horretan benetan gaizki instalatuta halako ateraldia egiteko? Patologi alorreko azalpenak bakarrik espero ditzaket, festetako txosnen guneari «bortxatzaileen antro» zergatik esan zaion azaltzeko. Ez dago ulertzerik. Hori esatea ez da normala.
Eta are desnormalago eta eskandalagarriago aldamenean zeuden gainerako ordezkari politikoek txintik ez ateratzea. Udalbatzar batean halako astakeria entzun eta besteek paso. Patxi Elolak esan du, eta beraz, isilik. Ez da posible. Eta ez du balio esateak «nik gero basoerdia hartzen esan nion pasatu egin zela»... Harena adierazpen politikoa izan da eta erantzuna maila berekoa eskatzen du, nik uste. Tabernan gero esan ahalko zitzaion konfiantzan «se te ha ido la olla, tío», baina udalbatzarrean behar zuen erantzuna.
Botatakoa handia iruditzen zait, eta ez dakit nondik atera daitekeen halakorik. Baina izango du esplikazio psikiatrikorik. Onartzen zailagoa zait, dena den, erantzun ez izana; hori ez da patologia alorrekoa.
Beste artikulu luzea eta gogoeta gehiago mereziko lituzke adierazpenen oinarrian dagoenak: txosnen eremuak. Baina laburrean: niri, eremu horren bisitari eta erabiltzaile izan naizen aldetik, festa eremu libre eta atsegina egin izan zait beti. Gustatzen ez zaikizdan gauzekin, gustatzen zaizkidanekin. Musika Plaza bezala. Iñurritzako zelaia bezala. Gaueko tabernak bezala. Haiek denak bezala, alegia, gustuko eta ez gustuko gauzekin, baina diferentzia inportante batekin ere bai: aldarrikapen eta festa uztartzeko eremu alternatiboa izan daitekeela. Izan dela. Hori inportantea da, baina horretaz hurrengo batean.
A, eta ez dut lapurrik, raterorik, bortxatzailerik edo terroristarik ikusi. Ez naiz konturatu behintzat. Baina, egotekotan, ez ziren malekoian, azokan, kiroldegian edo anbulatorioan baino gehiago egongo. Ziur.
PASA DEN OSTIRALEAN AURKEZTU ZUTEN KORRIKA KULTURALA
Apirilaren 2an iritsiko da euskualdera 16. Korrika, AEK-k antolatuta euskararen alde eta Euskal Herriko bazter guztiak zeharkatzen dituen martxa, Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira! lelopean. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
Martxoan zehar eskualdeko herri gehienek egingo dute Korrika Kulturala; apirilaren 2an euskararen alde korrika egiteko giharrak berotuko ditu honek, baita mingainak ere. Hil osoan zehar euskara gozatzeko, dastatzeko eta erabiltzeko Korrika Txikiak, jolasak, hitzaldiak, DVD emanaldiak, bazkariak, bertso-saioak eta beste hamaika ekitaldi antolatu dituzte; adin guztietako jendearentzako izango dira, guztiak ere doakoak.
Hemen duzue, apirilaren 2a bitartean, gure herrian korrika kulturalaren baitan egingo diren ekimenen egitaraua.
Martxoak 11, asteazkena.
-19:16ean Bidaia intimoak DVDa emango dute Laboralean. -Ondoren, euskarara gerturatu diren guztiak omenduko dituzte eta afari merienda eskainiko dute gero.
Hemen duzue Bidaia intimoak-en trailerra ikusgai:
Martxoak 14, larunbata.
-11:16etik 14:16era Udaletxe plazan, Korrika materiala salgai jarriko dute. Gainera, haurrentzako tailerrak egongo dira, performance-a egingo da eta Korrika apustua jokatuko dute. -19:16etik aurrera, antzerki emanaldia izango da kalean.
Martxoak 24, asteartea.
-19:30 + 16ean, Joxe Manuel Odriozolarekin hitzaldi-tertulia izango da Laboralean.
Martxoak 28, larunbata.KORRIKA EGUNA
-12:16 + 16ean, Korrika xelebre-poteoa, Musika plazatik hasita. -14:16ean, herri bazkaria egingo dute Gaztetxean. Bazkalondoan bertsolariak izango dira eta hizkuntza-jolasakegingo dituzte. Gero, Patxarangarekin kale aldera joango dira. -19:16ean, Skasti taldeak kontzertua emango du Musika plazan. -22:16etik aurrera, Korrika Gaua. Hainbat tabernetan zerbait hartzearen truke, Korrikako materiala eskuratzeko aukera izango da.
Apirilak 2, osteguna.
17:00etatik 18:00etara Korrika Zarauztik pasatuko da. Korrika egin ondoren mokadutxoa jateko aukera izango da plazan.
ASTELEHENEAN AMAITUKO DA GABANES-NIETO TXAPELKETAN IZENA EMATEKO EPEA
Zarauzko Kirol Elkartearen Pilota Atalak I. Gabanes-Nieto Eskuz Binakako Pilota Txapelketa antolatu du. Txapelketa hau pilota goxoarekin jokatzen duten 18 urtetik gorako zarauztar afizionatu guztiei zuzenduta dago, eta izena martxoaren 9a bitartean eman ahal izango da; bikoteko 15 euro, alegia. Parte hartu nahi dutenek Kirol Elkartearekin (943 83 14 63) jarri beharko du harremanetan. Txapelketako partida guztiak Frontoi Txikian jokatuko dira. Bestalde, parte-hartzaileekin bilera bat egingo dute martxoaren 9an Kirol Elkartearen egoitzan, arratsaldeko 19:00etan. Bertan antolamendua eta izan ditzaketen zalantzak argituko dira.
Pala txapelketak erakutsitako arrakastaren ondoren, albora utzita dagoen lagunarteko txapelketaren beharra ikusi du Zarautz Kirol Elkarteak. Beraz, frontoiak non nahi daudela ikusirik eta Pilota Eskola berriaren irekierarekin, herriko zaleak animatzeko moduko txapelketa antolatu du Kirol Elkarteko Pilota Sailak. Pilota Txapelketa hau Gabanes-Nieto kideari eskaini nahiko diote gainera, bere lana eta laguntza eskertze aldera.